Albisteak

 
Berriz, 2019ko uztailaren 24an. Berrizko Udalak udalerriko energia eraginkortasuna hobetzera zuzendutako seigarren fasea hasiko du irailean. Argien aldaketa Matzagabarrena eta Abeletxe kaleen inguruan egingo da.

Aurreko faseetan bezala, argiteria egoera txarrenean dagoen lekuetan, sodio lurrunezko farolak (bola farolak izenez ezagutuak) kendu eta LED teknologiako luminaria modernoagoak eta eraginkorragoak jarriko dira. 60 farola berri inguru izango dira instalatuko direnak. Ekimen honekin, kontsumoan aurrezteaz gain, argi-kutsadura ere murriztuko da.

Argiteria berriztatzeko seigarren fasearen esleitze prezioa 104.156,16 eurokoa (BEZ barne) izan da eta hiru hilabeteko epean lanak bukatzea aurreikusten da.

Aurreko faseetan Olakueta, Legaño-Iturriza, Matza-Bidegain, Iturritza-Gabiola eta Learreta-Markinan aldatu izan dira.