Albisteak

Azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean burutuko da ekimena, eta euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan erabiltzea du helburu, aurtengo leloak dioen moduan.

Aurtengo edizioan, Ariguneak ditugu berrikuntza nagusi. Ariguneak dira, euskaraz naturaltasunez aritu ahal izateko espazioak eta arigune izango dira, herriko hainbat elkarte, denda, erakunde.

Eta herritarrok aldiz, GAURTIK HASI ETA AZAROAREN 20ra bitartean izena eman dezakegu honako lotura honetan. www.euskaraldia.eus

Duela bi urte eginiko lehenengo edizioan, 726 berriztar izan ginen ahobizi eta belarriprest gizarte esperimentu honetan.

Gutxienez euskara ulertzeko gaitasuna duten 16 urtetik gorako pertsonek parte hartu dezakete Euskaraldian. Bakoitzak erabakiko du zein rol den berarentzat egokiena; horrela, 15 egunez, modu kontziente eta borondatezkoan, hizkuntza ohiturak astindu edo euskararen erabileran aurrerapausoak eman ditzakete partaideek.

Ahobizi: beti euskaraz hitz egiten dut hizkuntza ulertzen duten pertsona guztiekin. Euskaraz ulertzen ote duten ez badakit, lehen hitza, beti, euskaraz izango da; eta mintzakideak euskaraz ulertzen badu, euskaraz jarraituko dut beti. Gakoa ahal den guztietan euskaraz egitea da.

Belarriprest: euskaraz hitz egiteko eskatzen dut, euskara ulertzen dut eta nirekin euskaraz aritzea nahi dut. Ulertzen duten guztiekin ez dut uneoro euskaraz hitz egingo agian, baina ahal eta nahi dudan guztietan egingo dut. Gakoa jokaeran dago eta ez gaitasunean.

Hala ere, antolatzaileek azpimarratu dute ez ditugula nahastu behar rol horien aukeraketa eta hizkuntza-gaitasuna, euskaraz hitz egiteko ohitura eta joerekin baizik. Hori da ekimenaren helburua: ohiturak eta jarrerak aldatzea eta euskara gehiago erabiltzea, espazio gehiagotan eta jende gehiagorekin.

Berrizko ekimenari buruzko xehetasun gehiago nahi izanez gero, bidali mezu bat euskara@berriz.eus edo deitu 946 225 369

Izena ematea